Aizkorri-Aratz Parke Naturala
Aizkorri-Aratz mendilerroak Kantauri-Mediterraneoko uren banalerroko mendirik garaienak ditu, besteak beste, Aitxuri (1.551 m) eta Aizkorri (1.523 m). Horiek eta beste zenbait tontorrek mendigune ederra eta galanta osatzen dute eta erreferente dira euskal mendigoizaleentzat. Naturaguneak 16.000 hektarea hartzen ditu eta Arantzazuko Santutegian du sarrera edo “ate nagusia”.
Kareharrizko mendi hauetan sortzen dira Gipuzkoako hiru ibai nagusi. Hemen oso nabarmenak dira fenomeno karstiko eta paisaia-fenomenoak. Bertan, besteak beste, lurpeko uren zirkulazioak sortutako 15 km-ko galeria-sare handiak daude. Ezagunak dira, adibidez, bisitak jasotzeko prestaturik dauden Arrikrutz-Oñatiko Kobak. Ametsezko bidaia eta ibilbideak.