Euskal Herrian barrena irteera edo bidaia autokarabanaz antolatzen dutenentzat, kontuan hartu beharreko gunea da Oñatiko AK gunea.
Euskal Herriaren erdigune geografikoan kokatzen da Oñati. Euskal kostaldetik pauso batera, Donostitik 75 km, Bilbotik 65km eta Gasteiztik 43 km distantzian. Gune honek euskal kostaldea, Errioxa eta barnekaldearekin batzen ditu.
San Martin auzunean kokatzen da Ak gunea, herrigunetik 300 metrotara. 18 autokarabanentzako lekua du eta bertan 72 orduko egonaldiak baimentzen dira gehienez. Ur edangarriaren horniketa zerbitzua dauka, komunak eta hondakin uren hustuketa egiteko zerbitzua ere bai.
Oñati ingurune natural paregabean kokatzen da. Euskal erkidegoko mendi-gailurrik garaienen magalean egonik, naturaz gozatzeko eskeintzen dituen aukerak anitzak dira (uda sasoiko egitarauaren informazio osoa hemen). Mendi tontorretatik nahiz Oñatiko auzo eta baserri guneetatik zehar igarotzen diran ibilbideek bertako paisaiaren edertasuna miresteko parada dira. Araotz haranean gordetzen diren altxorrak ezagutzeko ibilibidea kontuan hartu beharrekoa da. Azken honetan, Gipuzkoako kobazulorik handiena den Arrikrutz-Oñatiko koba dago. Bisitari ororentzat egokitua eta kobazuloen mundua bizitzeko aukera desberdinak eskeintzen dituena.
Arantzazu da auzorik ezagunena. Aizkorri-Aratz Natur Parkerako sarbide izateaz gain, bertan aurkitzen delako Arantzazuko Santutegia, euskal arte abangoardistaren erakusle onenetarikoa. Bere eraikuntzan parte harturikoen artean aurkitzen dira Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea edo Lucio Muñoz bera. Herrigunetik bertara autobusez mugitzeko aukera ere eskura dute gune hau erabiltzen duten autokarabanazaleek.
Oñatiren ondare artistiko-monumnetala bakarra da. Euskal berpizkundearen sorlekutzat hartzeaz gain bere erdigune historikoa ondare zibil aberatseko eraikinez hornitua dago. Sancti Spiritus, euskal herriko lehen unibertsitatea, bertako errekak zeharkatua den eliz-klaustro gotikoa, ertaroko dorretxe eta mendeetan zehar eraikiz joan diren jauregiak aurkituko ditu bisitariak bertan.
Oñatiren bilakaera historiko bereziko herria da. Bertakoen antzinako bizimoduaren testigantza jasoa dago San Migel errotaren interpretazio gunean eta Txokolateixia interpretazio gunean.