12282

Non daude tximeletak neguan? 🗓 🗺

Non daude tximeletak neguan?Kobetako tximeletak eta beste harpetar batzuk ezagutzeko bisita gidatua Arrikrutz Oñatiko kobetan martxoaren 10ean.

Arrikrutz-Oñatiko kobetan martxoaren 10ean tximeleten inguruko bisita berezia izango da, lurpean aurkitu daitezkeen bizidunak ezagutzeko irteera eginez. Inguruko kobetan kuxkuxeatuko dugu, sortzen diren galderei erantzuteko asmoz. Non daude tximeletak neguan? Nolakoak eta zeintzuk ote dira lurpeko iluntasunean bizi diren ezkutuko animaliok?

Arrikrutz-Oñatiko Kobak eta Zerynthiak elkarlanean antolaturiko irteera honetan kobak aprobetxatzen dituzten tximeletak izango dira protagonista, baina gehienontzat ezezagunak diren beste bizidun harpetar berezi batzuk ere ezagutuko ditugu.

Bertan izango ditugu, beraz, Zerynthia elkarteko kideak. Beraien eskutik Lepidopteroen, hau da, tximeleten mundu bitxi eta erakargarrira hurbiltzeko primerako aukera izango da. Zerynthia Estatu mailan ditugun tximeleten ikerketa, dibulgazio eta kontserbazioaren alde lan egiten duen elkartea da.

Martxoaren 10eko ekintza honetan tximeleten orokortasunak ezagutzeaz gain, tximeleta harpetarren berezitasunen inguruan jardungo dugu; hasteko, Zerynthia elkarteko kideek Arrikrutz-Oñati kobetako harrera gunean eskainiko duten hitzaldian, eta jarraian, Arrikrutz eta Sandailiko kobazuloetan zein hauen inguruetan. Tximeleta harpetarren identifikaziorako gakoak eta hauen garapen-fase desberdinen gainean arituko gara. Baita lurpeko sakonuneotan bizikide dituzten ilunpeko bizidunei buruz ere. Hau guztia gutxi balitz, Endromis versicolora tximeleta ikusten saiatuko gara! Negu bukaerako tximeleta da, nahiko urria eta honi buruzko informazio gutxi dago. Espezie ikusgarri hau ikusteko feromona bitartez erakartzen ahaleginduko dira Zerynthiako kideak.

Martxoaren 10ean elkartuko gara goizeko 9:30etan Arrikrutz-Oñatiko kobetako harrera gunean. Doako ekintza honek 3 ordu t’erdi inguruko iraupena izango du.

Izena emateko: https://goo.gl/forms/jhpm9Dyv1KoRauzw2 eta Informazio gehiagorako: 943 082000 edo arrikrutz@onati.eus

 zerynthia_arrikrutz-tximeletak

Scheduled Agenda Bisita berezia Kobak Natura Sin categoría Visitas guiadas
Cueva Arrikrutz-Oñati Map