Arantzazuko Santutegia
Gipuzkoako Zaindariaren Santutegia paisaia ikaragarri batean kokatua dago, mendigune harritsu eta haitzarte sakonetako ingurune batean; Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako mugan, zehazki.
Baina, batez ere, abangoardia artistikoak nabarmentzen du Arantzazu. Garaiko molde arkitektonikoak apurtzen ditu, artista-mintegi batetik sortutako lanaren lekukotasun bakarra delako.
Erlijio eta abangoardiaren elkargunea
Arantzazuko santutegia urte osoan eta egunero zabalik dago. Bisita gidatuak nahi izanez gero… (50´)
Kondairaren nondik norakoak
Kondairak dioenez, Rodrigo de Balzategi izeneko artzain bati Ama Birjina agertu zitzaion elorri baten gainean.
Harrituta, honako hau galdetu zion: “Arantzan, zu?” Ondorengo mendeetan zehar frantziskotarrek gurtza, peregrinazio, arte eta kultur-gune bihurtu zuten lekua.
Monasterioak halabeharrez edo nahita eragindako suteak jasan zituen, eta aldi bakoitzean berriro eraiki behar izan zuten.
Oraingo basilika egiteko lanak 1950ean hasi ziren, Sáenz de Oiza eta Laorga arkitektoen zuzendaritzapean.
Oteizaren obra fatxadan
Aipatzeko moduko elementuen artean dago basilikaren fatxada. Hor nabarmentzen dira punta zorrotzeko hiru dorreak, elorri zuriaren ohoretan, Pietatea eta 14 apostoluak, azken bi hauek Jorge Oteizaren obra.
Sarrera eta barnealde ikusgarriak
Eduardo Chillidak egindako burdinezko ateak zeharkatu eta gero, bisitariak erretaula nagusi bikaina aurkituko du. Lucio Muñoz da egilea, 600 m2-ko azalera du eta egur tailatuz zein polikromatuz landua dago, erdian XIII. mendeko Amabirjinaren gelatxoa dago kokatua; haren horma-irudiak Xabier Egañak egin zituen, eta azkenik, espazioa argitzen duten beirateak, Xabier Álvarez de Eulate jaunak eraikiak.
Kripta
Kriptara jaitsiz gero, Nestor Basterretxearen pinturak ikusiko ditugu. Gizon-emakumearen eta Kristo Berpiztuaren historiaren eboluzioa erakusten digute pinturok.
Gaur egungo Arantazun… Gandiaga Topagunea
Arantzazun dago Gandiaga Zentroa, eta askotariko ekitaldi pribatu nahiz publikoak antolatzeko prestaturik dago: biltzarrak, bilerak, kongresuak, jardunaldiak, mintegiak… Era guztietako elkarteentzat ezinbesteko tresna bihurtu dira, pertsonak eta proiektuak ondo kudeatzeko helburuarekin.
Topagunearen eta basilikaren artean, eraikin txiki bat dago, “Misterio” izenekoa. Jorge Oteizaren eskultura batengatik du izen hori, eta eskultura bera leku horretan dago.
Gandiaga Topaguneko informazio gehiago nahi izanez gero, 943 716575 telefonoan eta www.arantzazu.org webgunean topatuko duzu.