Oñatiko bizilagunak harro daude eskualdean bereizten duen “korputzak” deritzon jai bat mantentzen dutelako. Kolore, poztasun, dantza eta musikaz osatzen den ospakizuna da.
Aurten ospakizuna Ekainak 18an izango da. Turismo bulegoak bisita gidatu bat eskainiko du prozesioaren gora beherak ezagutu ahal izateko, irudien elizaratzea eta azkenik San Migel eta apostoluen atondu prozezua ikusteko ileorde, maskara eta janzkeraz osatzen dena.
Eguna: ekainak 18
Ordua eta elkartze puntua: 9:45, Oñatiko Turismo Bulegoa
Prezioa: 4€
Corpus Christi izeneneko jaia Urbano IV Aita Santuak 1264an eratu baldin bazuen ere, ez zen eliza katoliko osora zabaldu 1311ra arte, Klemente V.aren garaian. Eukaristiaren omenez urtero egun berezi bat ospatzea zuen helburutzat, jendartean publikoki poz eta alaitasun handia erakutsiz, Sakramentu Santuaren ohoretan dantza eta kantuz osatutako jaialdi eta prozesioekin. Hartarako data zehatz bat izendatu zen liturgia katolikoaren barruan: Mendekoste ondorengo bigarren osteguna, azken urteotan igandera pasatu den arren.
Jai honen ekintzarik nagusienetakoa prozesioa izaten zen, herri garrantzitsuenetako kale eta plazak era nabarmenean zeharkatzen zituena. Entzutetsuak bihurtu ziren iberiar penintsulako leku askotan ospatzen zirenak. Euskal Herri osoan ere indar handiz sustraitu zen jaiegun hau; herri ugarik antolatzen zituzten era horretako ekintzak eta prozesioak, eta horien artean ikusgarrienetakoa genuen Oñatiko kaleetan zehar ibiltzen zena.
Badakigu Oñatin 1478ra orduko prozesioa ospatzen zela, idatzitako agirietan froga daitekeenez. Hala ere, XVI. Mendearen erdialdetik aurrera lortu zuen hemen Korpus egunak distira handia. Izan ere, 1533an bazen herri honetan Sakramentu Santuaren kofradia bat , “Minerva” izenez ezagutzen zena. Kofradia honetako hamalau kide jantzi dotorez eta maskaraz mozorrotzen dira, hamabi apostoluak, Jesukristo eta herriko patroia den San Migel pertsonifikatuz. Hauekin batera protagonismo izugarria dute korpuztietako dantzariek ere: bezperatik hasita, herri guztian zehar ibiltzen dira korpuseko dantza bereziak eskainiz, eta prozesio barruan ere bai, jakina, euren kaskanoilak jotzen etengabeko joan etorrian. Eta ezin aipatu gabe utzi Oñatiko ermita eta kofradietatik prozesiorako berariaz ekarritako santuen irudiak. Gaur egun prozesioan irtetzen diren 15 irudiak hermandade eta kofradietako kideek daramatzate.
Korpusaren ospakizunen harira egitarau berezia antolatu da ekainean zehar izango diren ekintzekin. Ekainaren 10tik 18 bitarte.