Txokolateixia, Interpretazio Gunea
Txokolatearen Interpretazio Zentroa Oñatiko Orbea Txokolategiaren egoitza zaharrean dago kokatuta, bere helbidea Kalebarria – 29 delarik. Bertan, Oñatik txokolatearekin izan duen eta oraindik duen lotura estua azaltzen zaigu.
Txokolatea, Jainkoen jaki ona
Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea eta kakaoa, Oñatiko txokolategileen tradizioa. Bisitatu txokolatearen interpretazio zentroa (50´) Erreserbak txokolateixia@hotmail.com, 605763595
Zer ikusi
Txokolate-ontzi zaharrak, ehogailuak, metateak, kakaoa ehotzeko moldeak edo harriak, etab. Pieza horiek eta txokolatearen Interpretazio Zentroan aurkituko ditugun dokumentuek XX. mendera eramango gaituzte. Izan ere, kakaoarekin eta txokolatearekin lotura duten kartel, iragarki, grabatu eta argazkiek lagunduta, denboraren makinan bidaiatu duela irudituko zaio mundu gozo honetara sartzen den bisitariari.
Historia pixka bat
Mendeak dira txokolatea Oñatira ailegatu zela. Horren adibide dira, esate baterako, XVIII. mendeko kakaoaren mapak eta ibilbideak, filmak, liburuak eta errezetak, eta beste makina bat dokumentu ere. Horiek guztiek garbi adierazten digute Oñatik zenbat maite izan duen eta oraindik zenbat maitatzen duen txokolatea. Gainera, txokolateak zineman eta kirolean utzi duen aztarna ezagutzeko aukera izango dugu.
Zentro honen asmoa da, alde batetik, adinekoek iraganeko garaiak gogoratzea; eta, beste aldetik, gaztetxoenek Oñatiko txokolategileen historia ezagutzea, hala nola Maiztegui, Orbea, Loyola, Onena, Garaicoechea, Guereca eta gaur egun martxan jarraitzen duen etxearen historia.
Ordutegia eta bisita gidatuak
Irailetik uztailera: Goizez, astelehenetik larunbatera 10:30-13:30 . Arratsaldez, astelehenetik ostiralera 17:00-19:00.
Abuztuan goizez, astelehenetik larunbatera 10:30-13:00. Abuztuan bisita gidatuak erreserba bidez.
Talde bisitak arratsaldez urte osoan, aurrez 605 763 595 telefonora deituta.